Gogorregiak zarete beraiekin. Ezin nuen gehiago aguantatu, esan behar nizuen.
Bai, badakit, oso espektakulu tristea ematen ari dira, baina izan erruki pixka bat, azken finean, 90eko hamarkadan gazte erradikal izan ondoren, orain denari bale esaten hasi diren heldu-baina-oraindik-gazte horiek ez dira, nik uste, herri honek daukan problemarik handiena, nahiz eta, horretan arrazoia ematen dizuet, problema bat diren, beti uste izan dutelako arrazoia daukatela, lehen justifikazio askorik gabeko astakeriak egiten eta defendatzen zituztenean; eta orain, Teletubbien programa bat dirudien jardun politikotik haragoko guztia susmagarria iruditzen zaienean.
Ados, horretan ere arrazoia emango dizuet: ez daude inori lezioak emateko moduan. Eta, bai, egia da hori ere: beti ari dira lezioak ematen, batez ere gazteagoei. Batez ere, beraiek izan zirena baino erradikalagoak ez diren gazteei.
Baina ez izan hain gogorrak beraiekin, arren. Makiavelo irakurtzeko denborarik ere hartu ez duten arren estadista handiak balira bezala hitz egiten duten gazte-baina-dagoeneko-heldu hauetaz inor ez da akordatuko hemendik urte batzuetara. Historia gupidagabea da guztiokin. Utzi, beraz, bere lana egiten. Erreakzio natural eta ulergarria da zein patetikoak diren ikusita, baina belaunaldien arteko gorrotoak ez gaitu inora eramango.