VOX alderdiak 10.000 lagun inguru elkartu ditu zezen plaza batean. Txiste bat hasteko esaldi ona dirudi, baina kontuak ez dauka, egiazki, grazia handirik. Europa osoan bezala, Espainiako Estatuan ere ultraeskuina harroago dabil lehen txortaldia jo duen 15 urteko nerabea baino: PPrekin eta haren zenbait aldagai erregionalekin nahikoa ez genuen (bai, UPNri buruz pentsatzen ari nintzen, baina ez ahaztu inoiz Unidad Alavesa bezalako esperimentuak ere) eta badirudi orain, Ciudadanoseko falanhipsterrak egunero albistegian ikusten oraindik ohitu gabe, VOXeko faxistak ere geroz eta ozenago hasi direla deiadarka.
"Hasi beharko dugu antolatzen horri aurre egiteko", pentsatzen duzu. Baina keba, badirudi lehentasunak beste batzuk direla. Sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut, adibidez, ezker espainiarrak ikonotzat daukan telebista-aurkezle bat, besteak baino listoagoa dela sinetsita, txiokatzen PPren boto-emaileak are gehiago barreiatuko liratekeela fatxa hauen gorakadarekin. Faxismoari aurre egiteko erabil daitezkeen tresna asko bururatzen zaizkit. Kalkulagailua ez da horietako bat.