Sei argazki eta manual bat

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2018ko eka. 4a, 13:09

Espero ez zen errebuelta hartu du kurtso politikoak eta bat batean argazki imajinaezinak agertzen hasi zaizkit pantailan. Arreta deitu didatenen zerrenda egin dut. Bat: Podemosen Madrilgo diputatuak Pedro Sanchezen presidentzia ospatzen, kasik PSOEkoak baino grina handiagoz. Bi: Mariano Rajoy jatetxe batetik ateratzen, pixka bat, nola esan, piripi. Hiru: telenobela venezuelar bateko protagonista dirudien norbait Espainiako presidente. Lau: Euskal Herria ardatz duten partiduen diputatu guztiak hura babesten –EAJrena izan da gehien komentatu dena, baina niri EH Bildurenak jarri dizkit begiak globoak bezala–. Bost: Patxi Lopez esaten berak ez dakiela ezer ministro izateko kinielez; Patxi Lopezen bekain urduria esaten berak badakiela zerbait ministro izateko kinielez. Eta sei: Maria Chiviteren ausentzia larunbateko manifestazio euskarafoboan, auskalo, agian klima politikoaren aldaketak eraginda.

Bihar ikusiko da zer dagoen berri, jakintsuenak ere ezin du igerri. Ulertuko nuke batzuk esperantzatuta egotea Rajoy bota ostean, baina horrelako egoeretan komeni da hautsa kentzea 78ko Erregimenaren contraco manual debotionezcoa-ri. Lehenbiziko orrialdetik azkenekoraino, esaldi hau errepikatzen du liburuak: EZ FIDATU PSOE-REKIN.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!