Eguna gerturatzen ari da, baina inkognitak ez dira argitzen: zenbat diru gastatuko dute UPNk, PSNk eta PPk euskarafobia bultzatzeko manifestazioan? Eta diru horretatik zenbat etorriko da erakunde publikoetatik? Irrati honek berak informatu zuen joan den astean UPN udalez udal ari dela eskatzen manifestaziora joateko autobusak herritar guztiena den dirutik ordaintzeko. Inoiz zientzialariren batek deskubrituko du agian, baina bitartean galdera formulatu beharrean gara: zer materialetako aurpegia eduki behar du politikari batek, hori egin ondoren beste inori leporatzeko "benetako problemez" arduratu beharrean ikurrinarekin eta euskararekin tematzen ari dela?
Galderak asko dira eta batzuk ez ditugu manifestazioaren eguna iritsi arte erantzungo: zenbat jende bilduko da? Espero zutena baino jende gutxiago joaten bada, gertutik ateratako argazkiekin eta kopuru hiper-puztuekin informatuko dute unionismoaren propagandistek? Zein izango da, kasu horretan, kopurua gehien puztuko duena?
Baina zalantza horien guztien gainetik, galdera bat dabil euskaldun guztion buruetan ekainaren 2ko manifestazio euskarafoboaren inguruan. Eta nik behintzat eskertuko nuke manifestazioaren aurretik argitzea, eskainiko diodan arreta nagusiki kuestio horretan oinarrituko baita: Fatxistorra super-heroiak parte hartuko du manifestazioan? Herriak jakin behar du.