Milaka euskal herritarrek Altsasuko gazteen kontrako operazio polizial, mediatiko eta judiziala Iruñeko kaleetan salatu duten asteburu berean, UPNk bat egin du Espainiako Poliziarekin eta Guardia Zibilekin, eskatzeko bi talde armatu horietako agenteek izan dezatela ertzainek edo Esquadra Mossoek duten soldata bera. Eta asteburu berean kaleak hartu dituzte ehiztariek ere, oraindik ulertu ez ditudan arrazoiengatik. Eskuineko hedabideek, gurean gehien saltzen direnek, arreta handia eskaini diete manifestazio horietako batzuei –ez dut esplikatu behar zeintzuei, ezta?–.
Fenomeno berri samar baten aurrean gaudela esango nuke: kaleko mobilizazioek, orain dela gutxi arte, ezkerreko kutsua zeukaten gure artean, tarteka salbuespenak baziren arren. Orain berriz, gutxien espero duzun asteburuan dauzkazu polizia agenteak pankarta hartuta; baita gure hillbilly-ak ere, hainbeste maite duten hobby-aren alde eskopetak husteko prest. Pixka bat kezkatzen nau armak erabiltzea ofizio edo afizio dutenak mobilizatuta ikusteak: lehenbizikoek, poliziek, lan orduetan ere gehiegitan hartzen dutelako kalea; eta bigarrenek, kalera ateratzeko motibo sakonagoak izan beharko lituzketela uste dudalako. Altsasuko gazteen alde egitea, adibidez.