Ez al dira geroz eta gauza historiko gehiago gertatzen? Gertakizun jendetsu samar batean parte hartu eta hori ez dela ohikoa jabetzean, norbaitek "historiko" hitza paseatzera ateratzeko aukerak behintzat, biderkatu egin dira azkenaldian; eta hitzaren gehiegizko erabilera prentsa idatzira ere iritsi da, bigarren eskuko material hauek erabiltzen abilak baikara kazetariok.
Historia hainbeste aipatze hau zergatik gertatzen den pentsatzen aritu naiz eta "like"-aren kulturak zerikusia izan dezakeela otu zait: dena "atsegin dut" edo "ez dut atsegin" klikatuz baloratzen dugunez, ez da harritzekoa gure ohiko hizkera ere binarismo sinplifikatzaileetara lerratzea: egun "normalak" edukitzen ditugu eta tarteka egun "historikoak".
Hori dela pentsatu nahi dut eta ez aukera, segur aski, deprimenteago bat: inportanteak diren gauzak historiaren kutxan gordez, urrundu egin nahi ditugula gure eguneroko jardunetik, sinetsita bizi garelako hemen eta orain egiten dugunak ezer ez duela balio.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!