Partitokrazia morez tindatuko da

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2018ko mar. 12a, 12:12

Alderdi politikoen kuartel nagusietan azken ukituak ematen ari dira euren komunikazio estrategiei, martxoaren 8ko grebaren ondorioetara egokitzeko. Ciudadanos izan da aurrenekoa, "mugimendu tranbertsal" berria lideratzeko prest agertuz –adierazpenak gertutik entzun dituztenek diotenez, Albert Rivera oraindik murtxikatzen ari zen mobilizazio feministaren kontra egun batzuk lehenago egindako hitzak–. Baina laster etorriko dira beste partiduak ere, tartean Euskal Herrikoak: EAJk jardunaldi batzuk prestatuko ditu "Kontzertu Ekonomikoaren feminitatea" izenburupean eta Madrilekin negoziatzeko prest agertu dira; EH Bilduk birfundazio prozesu bat –bai, beste bat– hasiko du, "independentzia eta feminismoa helburu" lemapean; Nafarroako Podemosen eztabaida da nagusi, ez datoz bat "feminismoa kastaren kontra" lema erabili behar ote duten ala zuzenean Operación Triunfoko Amaia Romero zerrendaburu aurkeztu –eszisio berri baten arriskua dago gai honekin; gai honekin ere, alegia–; PSOEk txosten bat prestatu du, honako izenburua daukana: "Ez dezagun feminismoa GAL"; eta UPNk gogora ekarri du ikurrinaren kontrako manifestazioan txistorrarekin bere burua flagelatzen zuen super heroia emakumezkoa zela, eta beraz, baskoek ez dietela esango emakume nafarrei nolakoak izan behar duten. Garbi dago: alderdi politikoek gauzak ulertzeko duten modua asko aldatu da gure kaleak hartu dituen marea moreari esker.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!