Donald Trumpek proposatu du institutuetako irakasleak armatzea, Floridakoa bezalako tiroketen egileek gauzak hain erraz eduki ez ditzaten. Eta mundu osoko hedabideetan atera da notizia, Trumpekin gertatu ohi den moduan, proposamena erokeriatzat joz. Eskerrak Euskal Herrian bizi garen eta jendeak gauza askoz arrazoizkoagoak planteatzen dituen: hemen, ertzain bat hil denean 12 ordu baino gehiagoz lanean aritu ondoren, polizia autonomikoko sindikatu batek eskatu du berriz ere gomazko pilotak tirokatzeko baimena edukitzea.
Bai, aipatu dute lanaldi luzea, itxura guztien arabera heriotzaren kausa dena, baina ordutegi arrazoizkoagoak exijitu beharrean, hilgarriak direla demostratuta dauden armak berreskuratzeko gogoak bete ditu titularrak.
Albiste hori irakurtzen ari nintzela ikusi dut beste bat ere, zeinean Uxue Barkosek konpetentzia gehiago eskatu dituen Foruzaingoarentzat, izan dadin Nafarroan gertatzen diren segurtasun-afera ia guztiez arduratzen den indar poliziala. Eskaria logika batean sartzen da, baina agintariak entzuten ditudanean modelo polizial berri eta lagunkoiez hizketan, gogora etortzen zait azken hamarkadetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zenbat urrundu diren eguneroko praktikak diskurtso jatorretatik. Polizia bakoitzaren konpetentzia zein den bezain garrantzitsua iruditzen zait eguneroko praktika horiek erakundeetatik zorrotz kontrolatzea. Baina horretaz ez dute ia inoiz hitz egiten politikariek.