Mundu guztiak amesten du Durangoko Azokan gehien molatzen duen sortzailea izatearekin. Gehienek errukia ematen dute, baskongadoak baitira. Eta ez dakite, hemen eta orain, liburu eta diskoen ferian molatzeko nafarra izan behar dela. Frogak jaso ditut hori demostratzeko: Berri Txarrak taldea ikusi dut Ahotsenea lehertzeraino betetzen; Balerdi Balerdi entzun dut gitarra kolpeka Landako gunea dardarka jartzen; egon ote da Katakrak proiektu bipila osatzen ari dena baino liburu-kolekzio politagorik Azoka osoko standetan?; akaso Igela argitaletxearena?; komikia eskatzen duenari Zaldieroaren De rerum natura pegatuko zaio eskura; narratzaile berrien bila dabilenari berriz Garazi Arrularen Gu orduko hauek; Aingeru Epaltzaren Mendi joak irakurri ondoren kranpoiak kendu eta Joseba Irazokirekin Bas(h)oan sartu dira kultur-irensle basatienak. Baina momentu batean bale esan dute: Ez duzu abusatuko, Miren Rubio, Alberto Barandiaran eta Iñigo Astizen liburuaren tituluak errezatzen duen moduan. Eta Astiz aipatu dugunez: idatzi al du inork egunotako prentsan Ultzamako lehoiak baino hobeki Azokari buruz? Definitiboki, aurtengo Durango nafarreriak jo du. Luze iraun dezala izurriteak.