Eszena ezohikoa da asteburu honetakoa: Arkaitz Estiballes bertsolari eta Bilduko zinegotzia PSEren ekitaldi batean kantatzen. Iraganean izandako gertakari gogorrak aipatu ditu eta hurrengoei "hipoteka" hori ez lagatzearen alde kantatu du, bi familia politikoen berradiskidetze keinu gisa ulertu behar den eszenifikazioan. Pozgarria da horrelakoak gaur egun posible izatea, esaten diozu zure buruari.
Baina gero pentsatzen hasten zara ea berradiskidetzearen kontu honekin beste gai batzuk alfonbra azpian geratzeko arriskurik ez ote dagoen, lehen gatazkarekin geratzen ziren modu bertsuan. Izan ere, Estiballesek bertsoa bukatu eta oholtzara igotzen ikusi dugu Eider Gardiazabal, 2011n ezagun egin zen PSEko kidea, Europako Parlamentuan fitxatu, dietak kobratu eta lan egin gabe alde egiteagatik. Eztul bat antzezlanaren erdian.
Gero oroitzen zara EH Bildu eskatzen ari zaiola EAJri puskatzeko PSErekin, Katalunian 155. artikulua aplikatzea babesteagatik. Nola ezkontzen da hori Estiballesen bertsoaren amaierarekin? Beste eztul bat, hau karkaxarekin.
Keinu sinbolikoak beharko dira aurrerantzean ere gatazka-osteko zauriak kauterizatzeko. Baina politika konkretuak eta astero aldatuko ez diren markoak eskertuko dira, publikoa txistuka hasi baino lehen.