Ugaritzen joan dira eta egia esatea nahi baduzue, ez dut ulertzen zergatik. Lehen tarteka ikusten zenuen baten bat, goizean lanera bidean zindoazela. Orain sistematikoa bihurtu da, egunero-egunero, edozein ordutan, nonahi agertzen dira. Nik batzuetan espaloiz aldatu dut etortzen ikusi ditudanean. Ez dakit nondik ateratzen diren. Eta batzuk banaka ikusten ditut oraindik, baina geroz eta gehiago, niri durduzadura eragiteko, taldeka ibiltzen ere hasi dira, sekta baten antzera. Zer diot antzera: sekta bat dira. Asteburu honetan omen zuten, gainera, beraien kultua zabaltzeko zeremonia inportanteetako bat, telebistan ikusi dut: kotxez ere luzea egiten den ibilbide bat korrika egiten jarri dituzte milaka lagun sektako buruek. Doilorra izan behar da gero jendeari horrelako tortura fisikoa eragiteko. Eta nazioarteko komunitatea ixilik. Korrikalari Behobiten erlijio horrek dagoeneko kalte handiegia egin dio gure gizarteari, ezin dugu onartu proselitismoa egiten jarrai dezaten. Egin dezagun zerbait. Change.org-ko sinadura bilketa bat, gutxienez.