Originaltasun alarde bat eginez, Bartzelonan izan naiz asteburuan. Gauero-gauero hamarretan entzuten dira lapiko hotsak, biztanleriaren parte garrantzitsu baten ezinegon politikoaren erakusgarri.
Kalean gaude asteburuko hirugarren lapiko-festa hasi denean. Bigarren solairu bateko balkoian ari da gogorren astintzen gazte bat. Parean dator hartzaren tamainako tipo bat bere iritzia zintzilik dakarrela; eta balkoi horri begira oihukatzen du segitzeko astintzen, horixe baietz; gero "biba Espainia"; azkenik, doazela kartzelara denak. Oinez segitzen du lasai-lasai. Balkoiko mutilak lapikoa astintzen jarraitu du.
Garrantzi gutxiko anekdota da. Zerbait adierazten du ordea: hemen bakoitzak konplexurik gabe botatzen duela bere iritzia plaza publikoan, hitz egiteko beldurrik gabe –euskal gatazkaren antipodetan, alegia–. Hori bai, iritzietako batek bestea kartzelan sartu dezakeela erakutsi du –euskal gatazkan bezalaxe, alegia–.