Artxiboko argazki bat asko ikusi dugu asteburu honetan hedabideetan: Mariano Rajoy Espainiako presidentea eta Pedro Sanchez PSOEko burua Moncloan agertzen dira. Irudiak ez du ezer berezirik, pinguinoz jantzitako bi jerifalte kamerei begira, jende askoren bizimoduak okertuko dituzten erabakiak adostu aurretik. Berezi egiten du, ordea, argazkiari laguntzen zenbait hedabidek jarritako titular motak. Gutxi gorabehera diote, Sanchezek protagonismoa kendu diola Ciudadanosi, Kataluniaren autogobernua deuseztatuko duten neurriak PPrekin adostuta. Hara hor afera ulertzeko modu bat, zeinari gutxiegi erreparatzen diogun, daukan garrantzia kontuan izanda: Espainian independentistak egurtzea meritu politiko bihurtu da, boto-emaile berriak erakartzeko amu. Terrorea diot politika ulertzeko modu horri, ez baitu botoa emango duen herritarrarentzat zuzenean onurarik ekarriko duen ezer proposatzen. Proposatzen du boto-emailearen bizilagunari ahalik eta kalte larriena eragitea. Eta gizarte bat eraiki daiteke bere baitako talde baten kontra egiten diren politiken inguruan. Baina ez izan dudarik: eraikin horrek erabat ustelduta edukiko ditu bere oinarrizko zutabeak.