Asmo bakar bat neukan Euskalerria Irratirako kolaborazio hau prestatzen hasi nintzenean: ez hitz egin Kataluniari buruz. Zeren, mundu guztia ari da horretaz, ez daukat ezer berririk esateko, ez ikuspuntu originalik, ez irakurketa argigarririk, ezer ere ez. Eta bitartean ari dira gauzak gertatzen, gai periferikoez arituta publikoaren aurrean golen bat sartu dezaket, errazagoa da.
Adibidez, Austriako hauteskundeak: eskuin muturra bigarren postuan geratu da eta gobernua baldintzatuko duela dirudi. Terriblea da eskuin muturrarena Europan azkenaldian, Frantzian eta Alemanian indartsu agertu dira azken hauteskundeetan eta Kataluniako kaleetan ere ikusi ditugu lasai ederrean... Oh, kaka, Katalunia aipatu dut.
Ea, beste gai bat: ikusiko zenituzten Galiziako sutearen irudiak. Vigora iristen ari dira garrak hau grabatzen ari naizen momentuan eta hango gobernu autonomikoak badirudi ez dakiela zer egin. Noski, baliabideak ere falta dira, izan ere, antza denez, larrialdietako unitateen portzentaje handi bat Kataluniara bideratu dute eta... Mmm, berriz Katalunia.
Bueno, hitz egin dezagun Euskal Irrati Telebistaz, horrek beti ematen du jokoa eta: konturatu zarete ze programazio eskasa daukagun TV3 kate kataluniarraren aldean? Jo-der. Katalunia.
Bueno, ba ez da posible Katalunia aipatu gabe pasatzea. Ni saiatu naiz behintzat.