Hezur batzuk dira, urteetako lur isilak zikinduak, zuriak baino, tonu griskara batekoak. Bi gorpu etzanda, bat ia albo bateraka, burua makurtuz bezala; bestea hari begira, badirudi zerbait eskatzen duela eskuekin erreguka. Zer, ez dugu inoiz jakingo, ez dute ezer esaten, hezurrek beste modu batera hitz egiten dutelako, aurkitu dituztenen ahotik, diotenean eskuak horrela agertu izanak adierazten duela lotuta zeuzkatela lurperatu zituzten momentuan. Eta inori ez zaizkio eskuak lotzen hil ondoren, segur aski lotuta zeuzkaten aurretik, Ezkabako kartzelatik ihes egin ostean atxilotu eta fusilatu zituztenean. Tiro batzuk gauean, balentria ederra urguilu nazionalarentzat. Asteburu honetan aurkitu dituzte Lintzoainen ia 80 urte pasata. Hiltzaileak ez dira bizirik izango lotsatzeko. Azken 40 urteetan gorpuok existituko ez balira bezala jokatu duten politikariak bai: komeni da beti gogoan izatea, kosta ahala kosta ahanztura ofiziala praktikatzeko aukera haien eskuetatik urrun mantentzeko.