Haserretzeak ez zaitu indartsuago egiten, esan dezagun klarki: kabreo handi batek hartzen zaituenean, burmuina txikitzen zaizu ume setati baten tamainaraino eta puntu-puntuan zaude edozein manipulazio jasateko. Sumisio mota bat ere izan daiteke haserrea. Azken finean, gertakari baten aurrean duzun jarrera printzipala belarrietatik kea bota arte sumintzea bada, onartzen ari zara ez daukazula gaitasunik aldatzeko herra eragin dizun hori. Haserre sumatzen dut kristo guztia azkenaldian. Erreta gaudela dirudi, agian fase baten bukaeran. Hamarkada honetako lehen urteetan eduki genitzakeen esperantzak pikutara doaz, ezer ez delako gehiegi aldatzen ari; edo egindako lorpenak ez ditugulako behar bezala baloratzen; edo ez direlako nahikoa, bestelako motoa saldu zigutelako edo erosi nahi izan genuelako. Haserrea sintoma da, gertatu bai, baina publikoki adierazi ez diren gauza askorena. Baina haserreak ezin du inoiz, inola, inon, helburu izan.