Mañueta Handi

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2017ko ots. 6a, 11:54

Onar dezagun bere dramatikotasun komikoan: gauzei izena jartzen hasten den momentutik bertatik dauka euskaldunak problema nazional bat. Oraindik ez da bizilagunarekin ados jarri bizi den bazter honi Euskal Herria deitu, Euskadi, Nafarroa ala Fenizia Berria (gehien zein gustatzen zaidan galdetzen badidazue, beti paratuko naiz azkeneko aukeraren alde (oso minoritarioa dela jakin arren (nik dakidala, Dominique Joseph Garat izan baitzen izen hori erabili zuen lehenbizikoa (eta orain arte, azkena)))). Izenak adostu ezinaren problema hau paroxismora iritsi zen 2008. urtean, eta emaitza izan zen gure gizonezko ostikolari onenek urtero jokatzen duten partidua bertan behera uztea. Kapitulu foralean, joan den astean jakin dugu Nafarroako Parlamentuak uko egin diola herriei Euskaltzaindiak ezarritako izendapena emateari. Egoera dramatikoa da: erdarazko izenek aise nagusitzen jarraituko dute. Egoera komikoa da: euskarazko izen ofizialik ez dagoenez, edozein izenek balio du edozein herrirentzat. Nik Iruñeari "Mañueta Handi" deitzea erabaki dut. Etor daitezela parlamentariak esatera ez daukadala eskubiderik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!