Nora bidali turistak ergelarena egitera

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2017ko urt. 23a, 12:40

Argazkia egin dieten momentuan ondo pasatzen ari dira. Salto egin eta bi hankak airean dauzkazula agertzen zaren foto horietako bat. Negua dela dirudi bi gazteen janzkerari erreparatuta. Ondo tapatuta agertzen dira. Beraien azpian ikusten diren gorpuak ez, horiek biluzik baitaude, eta ordena handirik gabe pilatuta. Hildako ugari, lehenago goseak zukutuak, gero gas-gelan hil arte itoak; eta bi gazte haien gainetik salto egiten. Nola liteke? Fotomuntaia da: Shahak Shapira artistaren Yolocaust proiektuko lanetako bat. Berlinen dagoen Holokaustoraren biktimen omenezko monumentuan turistek argazki ergel ugari egiten zutela ikusi, eta haien fribolitatea biktimen irudien gordintasunarekin nahasten hasi zen Photoshop pixka bat baliatuz. Turista ezaxolatien aurkako mendeku graziosoa iruditu zait, baina bestalde, a ze inbidia: Iruñean tamaina horretako txolinkeria egin nahi duen turistak ez du inon aurkituko 36ko Gerran frankistek hildako milaka herritarren omenezko monumenturik. Eroritakoen monumentura bidali beharko ditugu ergelarena egitera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!