Hitz egin dezagun

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Bereziartua 2017ko urt. 16a, 12:13

"Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak". Esaldi bat besterik ez da, kaltegabea, zortzi hitz besterik ez, kartel batean idatziak eta marrazki batez lagunduak. Marrazkiak lau ume erakusten ditu, alai, eskutik helduta, baina badago zerbait arreta deitzen duena. Tira, bi gauza: batetik, umeak biluzik daude. Bestetik, beren biluztasunean, ile motzeko umeak alua dauka eta ile luzekoak berriz, zakila. Marrazki bat, zortzi hitz, autobus geltoki bateko markesinan. Eta kartela ikusita kaskora odol txar guztiak igo zaizkion norbait, spray bat hartu eta markesinan debekuaren gorriz "KANPORA" idazteraino, "zakila" eta "bulba" hitzak tatxatzearekin batera. Ekintza transfobo gisa sailkatu duenik bada, eta arrazoia duela uste dut: hori egin duenak ez du onartu nahi transexualen existentziarik. Baina "zakila" eta "bulba" hitzak estali nahi horrek beste zerbait ere erakusten du. Genitalei buruz kalean hitz egiteak eragindako ezinegona. Urte luzetako errepresio sexualak utzitako lotsa bat, auto-gorroto bat, besteenganako gorroto bihurtzen dena eta, zehazki, desberdintzat kodifikatzen dituen horienganako herra bihurtua pintaketa batean. Soluzioa ere kartelean dago: hitz egin dezagun gaiaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!