Presaka

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Berasategi 2020ko urt. 8a, 16:56

Bukatu dira, hartu arnasa. Bai, batzuentzat gogorra izango da, baina Eguberriak (eta
askoren oporrak) bukatu dira. Arnastu. Etzan. Lehortu kopetako izerdia.

Bat baino gehiago entzun dut aurtengo Gabonak iazkoak baino mugituagoak izan
direla esaten. Gezurra! Iazkoak ere antzekoak izan ziren. Eta horien aurrekoak ere.
Azkeneko Gabon gehienak, orokorrean. Izan ere, jendeari apaingarriak jartzeko
gogoarekin batera presaka hasteko beharra sartzen zaiola dirudi. “San Silvestre”-a
gerturatzen delako izango da.

Hausnartu pixka bat. Lehenengo, egun hauetan oporrak hartzen dituen edonork
ezagutzen duen azkeneko egunetako lan pila. Ondoren, datozen egunak erabat
probesteko planak egiteaz gainezka egotea. Gero, opariak erostea eta
merkealdietatik zerbait lortzen saiatzea, uneoro metro karratu batean sartzen diren
pertsona kopuruaren errekorra gaindituz. Gainera, bazkari eta afariak familiarekin,
horiek prestatzea dakarren lana eta horien ondoko betekadak (mota
ezberdinetakoak). Nik Eguberriak atsegin, atsegin ditut, baina inoiz ez naiz korrika
egitearen zale izan.

Benetan zaila da asmatzen zerk eragiten du dena horrenbesteko abiaduraz egiteko
behar hori, baina susmoa dut “Gabon perfektuen” irudiak ematen dizkiguten guzti
horiek (iragarkiak, filmak…) zerikusirik badutela.

2020rako asmo ona izan daiteke “alferragoak” izatea: aurreztu daitekeen lan guztia
aurreztea, eta horrek libratutako denbora modu xumeagoan disfrutatzea.

Bide batez, urte berri on guztioi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!