Zaindu maite duzun hori

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Berasategi 2019ko abe. 11a, 17:15

Abenduaren 3a, euskararen nazioarteko eguna. “Zaindu maite duzun hori” bezalako
esaldiez elkar bonbardatzen dugu, gure euskararen inguruko kezka zenbaterainokoa
den argi uzteko. Edo horren itxura emateko, behintzat.

Orokorrean, gugan maitasuna sorrarazten duen guztiarekin antzeko jokaera dugu:
maite bai, maite dugu, beti, eta zalantzarik gabe gainera, baina zaindu… gogoratzen
garenean bakarrik. Egia esan, nekeza da uneoro zaindari jarrera hori betetzea,
ezinezkoa agian, baina uste dudanez, balio gutxi du maitasun hori sentitzeak gure
ekintzen bidez adierazten ez badugu.

Familia eta lagunekin gertatzen zait; haienganako nire estimua erabat zintzoa da,
baldintza gabekoa ia. Baina tamalez, distantziak eraginda edo, batzuetan baldarra
izaten naiz haiek zaintzen. Ditxosozko distantziak hamaika zatitan apurtzen nauen
irudia izaten dut batzuetan, hamaika zatitxo min ematen didatenak. Izan ere, astiz
larri ibiltzen naiz zatitxo bakoitzak gogora ekartzen didan pertsona horretaz behar
bezala arduratzeko.

Dena den, aitzakiak besterik ez dira horiek, noizbehinka gu geu konbentzitzeko
bezain indartsuak izaten direnak.

Urtea bukatzear dago, eta askok, tradiziotzat dugu geure bizkarrak beteko ez ditugun
asmo eta helburuz zamatzea. Agian, hobe genuke oraindik erdietsi ez ditugunei
aurre egitea; esaterako, maite dugun guztia, pertsona zein hizkuntza, ganoraz
zaintzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!