Gonzalez

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2020ko eka. 18a, 12:27

Felipe Gonzalez Marquez. Alkandora batere zimur gabearekin, eta jaka lisatu paregabearekin. Horrelaxe jantzita azaldu da argazkian Espainiako Presidentetzan hamalau urte egin dituen PSOEko burua.
Albiste da berriro ere X Jauna. CIAko paperek ekarri dute egunkarietara.  Junts per Catalunya, ERC, EAJ eta EH Bildu alderdiek gaia eraman dute Europako Parlamentura, Espainiaren isiltasun konplizea salatzeko. 
Diru publikoarekin hil zuten jendea GALeko mertzenarioek. Errenta-aitorpenaren bidez bildutako diruarekin pagatu zitzaien egindako lana.
Sinesgarritasun demokratiko ahula du sistema politiko batek, kriminal mafiosoen bidea erabiltzen duenean arerioak paretik kentzeko. Indar etiko eta moral gutxi du alderdi politiko batek, kriminal mafiosoen bideak baliatu dituzten presidente, ministro eta buruzagiak babesten dituenean. Lotsaizuna baizik ez dario gizarte bati, kriminal mafiosoen bideen aurrean begiak itxi eta bestaldera begiratzen duenean.
Pixa eta kaka egin digu burutik behera Felipe Gonzalez Marquezek GALen kontu honetan. Eta lezioa eman, behin eta berriro, demokraziaz, etikaz. Larrua behar du Espainiako presidente ohiak. Larrua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!