Erretratuak iturrian

Erabiltzailearen aurpegia Josi Basterretxea 2020ko mai. 7a, 12:58

Iturri bat, metalezkoa, beltzez margotua, alde bitara txorrotak dituena, alde bitara ura biltzeko ontziak dituena. Iturri bat, metalezkoa, txorrotetatik argazki bana eskegita dituena. Iturri bat, beltzez margotua... ura baino, dolua dariona.  
Hiru hilabete dira jada Bizkaian, Zaldibarko Verter Recycling zabortegian, luizi bat gertatu zenetik. Bertako langile bi hil ziren ezbeharraren ondorioz. Zabor artean desagertu ziren Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze. Oraindik ez dituzte haien gorpuak aurkitu. 
Sinesgaiztasuna, goibeltasuna, ezindura, amorrua, hira... horra doluaren taupadak. Lan-istripu batek krisi ekologikoa ekarri du; lan-istripu batek birziklatze enpresa baten iruzurra azaleratu du; lan-istripu batek erakundeen ezin erantzuna aireratu du. Lan-istripu batek familia bi kolpatu, zimeldu eta ahitu ditu.
Laurogeita hamar egun, eta urik ez iturrian. Urik ez, iturri beltzean. Laurogeita hamar egun, eta dolu-argazkiak iturri idorrean. Ez dezagun ahaztu. Ez ditzagun ahaztu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!