Hondartza bat, Ozeano Atlantikoari begira, Europako hegoaldean. Horra, gaurko argazkia. Argazkian, hiru traktore lanean, harea garbitzen ari dira... lixibarekin. Bai, lejiarekin. Desinfektatzeko ustez.
Hondartza lixibarekin desinfektatzen, koronabirusa dela-eta. Albiste faltsu horietakoa ematen du... egia izatera, lixiba erabili dute hondartza garbitzeko, gobada egiteko.
Bereterretxeren kantorearekin akordatu naiz: XV. mendea, Leringo kondeak Bereterretxe aterarazi du etxetik gezurrez baliatuta, heriotza eman dio, odolez beztitu ditu bazterrak oro; eta hildakoaren amari agindu, gorpua jasotzeko. Gobada ederra, bukata ederra, Marisantz amaren esku utzi duena.
Ez da garbitu erraza odola, ez denez erraza lixibaz garbitutako hondartza berriro garbitzea, lehengoratzea.
Pandemia delako honek sortutako izuaren irudia, ergeltasunaren paradigma. Ora pro nobis.