Katea bati lotuta ageri da seinale bat gaurko argazkian, ez dakit nongoa den: Iruñekoa ala Pariskoa. New Yorkekoa ala Seulgoa. Trafikoa kudeatzeko horietako bat da seinalea: biribil gorri-gorri bat, eta haren baitan adabaki zuria... igarobidea debekatzen duen horietakoa.
Eta iruditu, iruditu zait bizi dugun egoeraren metafora ederra dela. Egunotan dena baita “ez”, dena baita “ezin”, dena baita “ezta pentsatu ere!”.
Ez da izango historia militarrean tiro gutxiagoko estatu-kolpe arrakastatsuagorik.
Horiek ere, estatu-kolpe direlako horiek ere, herritarrak babesteko ematen omen dira. Aberria berreraikitzeko. Arerioari aurre egin, eta haren gaiztakeriak garaitzeko.
Seinale gorria, adabaki zuriarekin: ez, ezin, ezta pentsatu ere...
Nekatuta nago horiekin. Nekatuta mehatxuekin, jazarpenekin, itzalpeko militarismoarekin. Nekatuta, politikari ergelekin eta herritar aprobetxategiekin.
Beste mundu bat bideratu ezean, krisi garaietan ere beste kudeaketa-sistema bat bideratu ezean, gureak egin du: gorputzez eta arimaz.