Lagun bati kendu diot gaur argazkia. Bere etxe ingurua erakusten du. Hiru baserriko auzune batean bizi da, bertako denak dira etxekoak, familia. Plaza moduko bat daukate hiru baserriek tartean, eta, herrira hurbiltzeko plazaz bestaldeko erreka pasatu behar dute, errepidea hartzeko.
Barrikada jarri dute umeek bertan, zubian, mokolo-birus delako hori ez hurbiltzeko. Eta han daude ume horiek, plaza-edo horretan, olgetan, jolasten, baratzeko orgatila eskuetan hartuta: orain ortura, orain errekara...
Argazkia ikusi, eta whatsapp-etik idatzi diot lagunari: “Zuek bai ondo bizi!”.
Denok kaiolan gatibu gauden honetan, pentsatu dut, pentsatu, zeinen gauza handia den libertatea, hura txiki-txikia bada ere.