Jendearen haserrea ikusi dut argazkietan. Zeren Gorenak eman baitu epaia, alegia, kartzelan ongi daudela Altsasuko gazteak. Agintaritzaren aurkako delitua ikusi dute epaileek, argi ikusi ere. Desordena publikoaren delitua ikusi dute epaileek, hori ere argi.
Arestirekin akordatu naiz, Gabriel Arestiren poema batekin. Oskorrik famatu zuen. Dio poetak: “Kristau prestu bat balitzan, asto bat dago elizan”. Gogoratuko duzue, jakina.
Nago Arestiren astoa bizirik ez eze, Espainiako Auzitegi Gorenean ez ote dabilen arrantzaka. Nago bederatzi urte esan ez ote duen magistratuen belarrietara. Nago herriarekin sartu dela pleituan. Nago bazka beharrean daudela astoa bera eta haren koruko aingeru laguntzaileak.
Burlantza, burla egin zion Arestiren astoak Elizari, ez baitzekien latinez gaixo bekatariak. Burlantza, burla egin du epaileak, ez baitaki justiziaz gaixo gorenak.