Atentzioa eman dit emakumeen negarrak. Egiptoko hegazkinaren aferaren inguruan, hainbat egunkari azaletan ikusi dut bidaiaria galdu duten senideen negarra, negar femeninoa. Azaletako argazkietan, nik ikusi ditudanetan, emakumea baizik ez dago.
Ez dute senide maskulinorik hildakoek? Senide maskulinoei ez die eragin etxekoa galtzeak? Hedabideei ez zaie gizonen irudia interesatzen?
Batean ikusi dut burutik behera belo beltza daraman emakumea negarrez lehertzen. Bestean ikusi dut belo gorrizka duen emakumea negarrez ahitzen. Bestean, emakume talde bat elkarri besarkatuta, betaurreko beltzak, arropa beltza...
Atentzioa eman dit emakumeen negarrak. Bestela esan beharko nuke agian: atentzioa eman dit gizonezkoen negarrik ezak.
Zergatik ote?
Ez daukat erantzunik, galderak baizik.