Ba, niri ez zait beltzean geratu pantaila. Euskal Telebistaren seinale digitala itzali dutela eta Nafarroan, ez zait beltzean geratu pantaila, zurian baino. Zuri-zuri. Garai bateko eroetxeetako zaintzaileen bata zuria bezain zuri.
Hari begira geratu naiz. Adi-adi. Eta ikusi, ikusi dut zuritik jaulkitzen zela puntu gorri bat, hedatzen eta hedatzen joan dena. Gurutze bat ote? Ixa letra erraldoi bat ote? Eta pantaila osoa hartu duenean puntu gorriak, ikusi dut, ikusi Borgoñako gurutzea zela. Borgoñakoa.
Musika hasi da ondoren. Oriamendi. Erdarazko bertsioan, jakina. Borgoñakoaren ondoan, gurutze klasikoago bat azaldu da: egurrezkoa hura, gurutziltzatuarekin eta guzti.
Eta testu bat azaldu da pantaila zurian, honako hau: “Zorionak gaurko egunez urteak betetzen dituzten Nafarroako margarita eta pelayo guztiei. Musu handi bat Bacina amatxiren partez”.