Gai interesgarri pilo aukeratu nezake ikasturtearen azken minutuarekin agurtzeko. Grezia eta Europaren arteko egoera mingarria, alde batetik; duina eta dotorea, bestetik. Ala CEARen txostena, non adierazten den 51 miloi pertsona derrigorrez higiturik omen daudela munduan, haien artean 17 miloi errefuxiatu; gehienetan, mendebaldeak eragindako pobrezia eta elikatutako gudak direla kausa, gehitzen diot nik.
Baita askoz ere alaiagoak: Iruñeko eta hainbat eta hainbat udal berri herritarragoak, ezkertiarragoak, euskaldunagoak. Eta nafar Parlamentuaren mahai berria, lehendakari feministarekin; Gobernua eta programa negoziatzen ari diren bitartean, era desberdinaz, hobeaz, aritzeko. Ala Lucio Urtubiaren hitzaldia, gaur bertan, Burgin, Memoriaren Bideak taldeak Frankismoaren esklaboei antolaturiko aurtengo omenaldiaren inguruan; bihar segida izanen duena Igari mendatean eta Bidankozen. Gure esku dago; igandean eta beti.
Baina hurbiltasun pertsonalarengatik beste bat azalduko dizuet. Xumeagoa, baliteke; baina garrantzi handikoa gure historia berrian. Aurten, eta lehendabiziko aldiz pasa diren 37 urte hauetan, Iruñeko udala ofizialki ager daiteke uztailaren 8ko ekitaldietan, non 1978ko Sanferminak gogoratzen diren. Aldaketaren keinu sinboliko ederra … hala suertatzen bada.