Nafarroa ez da eskuinekoa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2023ko mai. 30a, 11:29

Asteleheneko egunkariak hartzera joan naizelarik, goizeko diosala errateaz batera, kioskoko dendariak hauteskundeko emaitzek sortu dioten beldurra jakinarazi dit. "Beldurra?", galdetu dut nik, dendaria Espainiako ardatzean mugitzen ari zela ohartu baino lehen.

Egiaren aitortzeko, hauteskunde gauean Nafarroako datuei erreparatu nien bakarrik, eta biharamunean Foru Erkidegoan jarraitu nahi izan dut goxo-goxo, Ebroz bertzaldeko olatu eskuindarretik aski ongi babestuta.

"Niri Voxen gorakadak ematen dit beldurra", aipatu dit lagun batek, hau bai Nafarroako ardatzean zebilela. Eta nik, laguna lasaitzearren, larritasuna kendu nahi izan diot emendatze horri. Izan ere, fokua zabaltzen badugu, datuek argi erakusten digute Nafarroan aurkezten ziren lau eskuinek -UPNk, PPk, Voxek, eta Ciudadanosek- duela lau urte baino 4.000 boto gutxiago eskuratu zituztela igandean. Eta 20 parlamentarirekin jarraitzen dute. Hau da, ordezkaritza osoaren %40 baino ez dute.

Nahi baduzue, bertze batean eztabaidatuko dugu ea PSNk eta Geroa Baik eskuineko politikak egiten dituzten, batez ere arlo ekonomikoan. Baina, gaur, utzidazue gozatzen gardenki eskuindarrak diren alderdiak Nafarroako botere instituzionaletik urruti dauden egoera honetaz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!