Irati

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2023ko api. 18a, 12:53

Aurrekoan Irati filma ikusi nuen. Azkenean. Eta, bai, badakit zuek guztiok ikusi duzuela. Baina, joe, neuk ere badut eskubidea lau haizeetara zabaltzeko zenbat gustatu zaidan filma, ezta?

Eta ez naiz hemen aletzen hasiko fantasiazko pelikula honek dituen bertute guztiak. Baina gauza bakarra erranen dut: euskaldun gisa, filma ikusi bitartean, munduko herritar homologatu sentitu nintzen. Krispetak eta gominolak euskaraz jan nituen, horretaz konturatu gabe, militantzia ariketa bat egin behar izan gabe. Su Ta Garren disko bat entzuten dudanean bezalaxe.

Zinematokitik aterata, euforia pixka bat apaldu zitzaidan, ordea. Izan ere, pentsatzen jarrita, ohartu nintzen Irati dela Erdi Aroan giroturiko euskarazko lehen filma. Bada marka.

Eta ez, mesedez, ez hasi kantatzen "ardo gorri naparra, ardorik hoberena". Albaniaren konkista filma La conquista de Albania baitzen jatorrizkoan. Alegia, Irati da lehenbizikoa. Eta, beraz, benetan munduko herritar homologatuak izateko, halako bertze hogei beharko genituzke. Ea inor animatzen den.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!