Miguelena

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2023ko mar. 29a, 13:33

Gehiegi despistatu ez bazarete, ziurrenik jakinen duzue duela ez asko EAJ ukitu duen ustelkeria kasu handieneko kartzela zigorrak berretsi dituztela. Kontua da, orain, De Miguel auziko zigortuetako bik indultua eskatu dutela; indultu partziala, baina nahikoa kartzelan sar ez ditzaten.

Dirua bidegabe erabili, dokumentuak faltsutu eta influentzia trafikoa erabili duen gaizkile eta jeltzale talde honen buruak, Alfredo de Miguelek, adierazi du ezin dela kartzelan sartu bere familiak "inoiz baino gehiago" behar duelako. Gainera, De Miguelek erran du bera ez dela "kriminalki arriskutsua" eta horregatik kalean uzten ahal dutela lasai asko. Aha.

Bitxia da eskularru zuriko lapur gisa definitu ohi diren hauek zein estimu handitan duten beren buruak. Dirua guztion kutxatik hartu eta lagunen artean banatu dute. Baina, aizue, ez dira lapurrak. Ez dira kriminalak. Ez dira arriskutsuak.

Bada, nire ustez, gizarte orekatu eta osasuntsu batean, hauek lirateke kriminalik arriskutsuenak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!