Batzuek pintura bota zuten Van Gogh-en eguzkiloreen gainean. Bertze batzuek eskuak itsatsi zituzten luxuzko autoetan. Izan ziren hegazkin pribatuen gurpilen inguruan kateatu zirenak. Eta izan dira Goyaren majen markoetara itsatsi direnak.
Klimaren aldeko ekintzaileak dira. Denon artean berehala benetako zerbait egiten ez badugu planeta honen gizakiendako bizi baldintza egokiak pikutara joanen direla ohartarazi nahi izan diguten aktibistak.
Ekintzak egin eta segundo gutxira irrigarri utzi nahi izan dituzte aktibista horiek. Edo gogor-gogor kritikatu izan dituzte; guztien gibeletik atera da Koldo bat "Horrelakoa ez, gauzak ez daude horrela" erraten. Eta dozenaka konspirazio asmatu dituzte ekintza horiek desakreditatu eta deslegitimatzeko.
Etor bedi borroka moldeen inguruko eztabaida. Ados. Baina, bitartean, zerbait egin beharko dugu CO2 isurien goraldi mugagabea nolabait gelditzeko, ez?