Munduaren zatitxo honetan hankaz gora jarri zitzaigun bizitza 2020ko martxoaren 13an. Bi urte geroago, baina, erabateko normaltasunera itzuli gara. Bai. Baieztapen kategorikoa egin daiteke. Itzuli gara. Sanferminetako kartelen inguruko ika-mika ohitura genuen indarrez piztu baitzaigu egunotan.
Urtean behin, bertze egiteko inportanteagorik ez dugun Iruñeko seme eta alabok diseinu grafikoan aditu bilakatzen gara eta leinu gerrak bultzatzen ditugu kartel batzuen alde eta bertze batzuen kontra.
Aurtengo polemika inoiz baino ergelagoa izan da. Sare sozialetako marijakintsuek adierazi baitute lehiaketara aurkezturiko 601 karteletako politena, onena, liluragarriena, hunkigarriena, iruindarrena... ez dagoela epaimahaiak aukeraturiko hamar finalisten artean. Hortik kanpo baizik.
Santuari kandela jan nahi dion kartel guztiz aspergarri hori niri ez zait bereziki erakargarria egiten. Baina berdin dio nire iritzi ezjakinak. Hemen garrantzitsuena baita betiko gu izatera itzuli garela. Eta hori bai dela ospatzekoa.