Makroetxaldea

Erabiltzailearen aurpegia Asier Azpilikueta 2022ko mar. 30a, 12:38

Pentsatzen dut zuetako gehienek inoiz ikusi izan dituzuela The Pelican Brief edo Erin Brockovich filmak. Kurioski, bietan Julia Roberts aktoreak jokatzen du rol nagusia. Eta bietan protagonistak aurre egin behar die ingurumena eta pertsonak kutsatzeko batere arazorik ez duten enpresa txikitzaile eta gupidagabeei.

Ez nuke nahi orain esku artean daukagun borrokatxoa John Grishamen eleberri bilakatzea, ezta Hollywoodeko film arrakastatsu ere, baina aitor dezagun pelikulako gaiztoa dagoeneko identifikatua dugula. Caparrosoko makroetxaldearen jabe den Valle de Odieta enpresaz ari naiz, noski.

7.400 buruko behitegia du Valle de Odietak, Euskal Herriko handiena. Eta zenbait kolektibo ekologistak txosten bat osatu zuten ustiategi horrek eginiko irregulartasunak salatuz. Valle de Odieta maltzurrak kolektibo horiek epaitegira bidali ditu, adiskidetze ekitaldi batera, eta kolektibo horiek ez dutenez gaiztoaren adiskide izan nahi, bada, ziurrenik epaiketa batera joko dute.

Eta nire desioa da Caparrosoko makroetxaldearen aurkako borrokak aipaturiko bi film horien bukaera izatea, baina tarteko trama eta dramarik gabe. Ea posiblea den.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!