Azken orduko albistea: urtarrilaren 30erako greba orokorrera deituak dira Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko langile guziak. "Albiste freskoa, e, Asiertxo!". Bai, badakit batzuok pare bat hilabete daramagula kontu honekin matraka ematen, baina, aizue, hain da handia hedabide nagusiek inposatzen diguten isiltasun informatiboa.
Eta onar dezagun... Bueno, ez, onar dezadan... greba orokor honek dena duela aurka benetan orokor izan ez dadin:
- Dirudienez, hemen eta orain, greba orokorrek ez ohi dute langile gehienen babesa jasotzen.
- Oraingoan, inork gutxik ezagutzen duen subjektu batek deitzen du greba orokor hau: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.
- Karta Sozialaren barnean dauden sindikatuak ez dira Nafarroa Garaian ordezkaritza osoaren %40ra ere ailegatzen.
- Urtarrilaren 30eko greba pentsiokin lotuko dute askok, baina benetan aldarrikapen taula zabala du eta horrek nahasmena sor dezake.
- Greba orokor honek ez dio liberalismoaren eraso zehatz bati erantzuten, liberalismoari berari baizik.
- Eraso zehatz bati erantzuten ez dionez, ezinezkoa du berehalako errentagarritasun bat lortu. Eta, beraz, baliteke berehalako emaitza iraultzaileak nahi dituztenak gehiegi ez konbentzitzea.
- ...
Eta hala ere, eta hala eta guztiz ere, ez duzu egun bakar batez zure produktibitatea alde batera utziko eta lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokari zure aletxoa emanen?