Iruñeko Udalak azaroan hartu berri du talde honi eta Iruñeko auzoetako beste zazpiri haur eta gazteekin egiten duten prebentzio eta hezkuntza komunitariorako diru laguntzak kentzea. Erabakia urtarriletik aurrera gauzatuko da. Egoera salatzeko haur eta gazteentzako jarduerak antolatu ditu asteburuan Aldezar elkarteak, Gazteluko eta Udaletxeko plazetan.
Eguraldi ederra lagun, Udaletxe plazan xake erraldoia jarri zuten eta han aritu ziren hainbat herritar jolasean. Auzoko erraldoi txikiak ere bertan izan ziren dantzan, kilikiak umeen atzetik aritzen ziren bitartean. Jarduera gehienak Gazteluko plazan egin ziren eta, eguraldia lagun, ehunka lagun bildu ziren bertan, esku-baloian, hanka-paluekin, ahulki jolasean eta beste hamaika jarduera eginez.
Elkarte hauek urteak daramatzate auzoetan herritarren beharrei erantzungo dien auzo eredu bat eraikuntza komunitarioaren bitartez bultzatzen. “Prozesu honetan –dio Aldezar elkarteak– auzokideok auzo elkarteak sortu genituen eta eginiko lanaren ondorioz, udalaren haurtzaro eta gazteriaren prebentzio zerbitzua gure gain hartzea lortu genuen. Aspalditik daramagu zerbitzu hau ikuspegi lokal, hurbil eta integratzaile batetik garatzen, txiki eta gazteen ahots eta beharrei garrantzia emanez”.