Erriberan, Ebroren hegoaldean dagoen Ablitasen, hitzordua dute azaroaren 9an euskaltzale eta tokiko ekoizleek. Errigoraren otarrak prestatuko dituzte auzolanean. Ikastoletako guraso eta irakasleak, euskaltegietako ikasleak, nekazariak eta Euskal Herritik hamaika txokotatik joandako boluntarioak ariko dira zeregin horretan.
Antolatzaileen esanetan, auzolanarekin, Errigora ekimenean laguntzeaz gain, harremanak egin eta zubiak eraiki nahi dituzte euskaltzaleen eta Nafarroa hegoaldeko tokiko ekoizleen artean.
Denera Euskal Herriko 200 herritara eramateko 6.000 kaxa edo otar beteko dituzte Erriberako produktuz. 2013an ekimenarekin hasi zirenetik 80.000 otar inguru banatu dituzte eta haiengatik lorturiko milioi bat euro bideratu da euskalgintzara –esaterako zonalde "ez-euskaldunetan" zigortuta dauden ikastolak laguntzeko–. Aurten gainera, Agerraldia taldea sortu dute euskararen ezagutza, erabilera eta euskararen aldeko jarrerak bultzatzeko.
Errigorako otarra jasotzeko eskaerak azaroaren 20ra arte egin daitezke ohiko tokietan, baita interneteko Errigoraren helbidean ere.