Omenaldian, besteak beste, hildako soldadu frankistaren omenezko monumentua berriz jarri zuten. Ekitaldia amaitu ondoren erretiratu dute, Diario de Noticias-ek jaso duenez, antolatzaileek diotelako iraganean “marxisten eta separatisten samaldek” bota egin izan dutela.
Lore-eskaintza, meza eta bazkaria egin zituzten oraindik estatu-kolpe faxistaren alde dauden hamarnaka lagunek. Bertso bat ere kantatu zuten hildako faxistaren omenez, Navarra Información-ek jaso duenez.
Muruzabal erreketeaz gain, Baleztena familia omentzeko ere baliatu zuten ekitaldia –Leitzako sendi hori ezaguna da 36ko kolpea babestu zuten familia nafarren artean–.
Sare Antifaxistak Nafarroako Gobernua kritikatu du
Ekitaldia salatzearekin batera, Sare Antifaxista kolektiboak kontuak eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari. Taldearen blogean adierazi dute Gobernuko Barne kontseilari Maria Jose Beaumontek “ez daukala arazorik” Maravillas edo Esparru gaztetxeak jazartzeko, “feministen kontra borrak ateratzeko” edo 2018ko Ospa Egunaren kontra egiteko.
“Faxismoa goratzen duten ekitaldiak eragotzi berriz… hori ez du egiten”, adierazi du Sare Antifaxistak.