Nafarroako Auzitegiaren hutsegite batek ahalbidetu zuen bortxatutako emakumearen datu pertsonalak publiko egitea: apirilaren 27ko epai osoa deskargatzeko egiaztatze-kode bat bidali zien hedabide ezberdinei, komunikabideentzako espreski prestatutako dokumentuaren ordez.
Epai ofizialean emakumearen izen-abizenak eta jaiotza data agertzen dira, eta bertatik filtratu dira datuok. Dokumentu orijinalera sarbidea edukitzeko nahikoa zen Nafarroako Gobernuko web-orri batean egiaztatze-kodea sartzea.
Kode hau erabilgarri egon da larunbat arratsaldera arte. Nafarroako Auzitegiak hutsegitea ordu eta erdian konpondu zuen, hainbat kazetarik egun horretan bertan Justizia Jauregian arazoaren berri eman ondoren.
Bestalde, biktimaren datuak hainbat forotara nola iritsi diren ikertzen ari da Polizia, tartean emakumearen NANa, sare sozialetako perfilak eta argazkiak. Datuok iragan asteazkenean agertu ziren Forocoches edo Burbuja.info bezalako atarietan. Alabaina, Nafarroako Auzitegiak filtratutako datuak ez dute zerikusirik izan foroetan argitaratutakoekin.