Altsasuko gazteen senideak ere dispertsioaren ondorioak pairatzen ari dira eta datuek argi uzten dute urtebetean egindako ibilbidea nolakoa izan den. Publico.es atarian argitaratu dutenaren arabera, kasua epaiketaren egunean amaitzen bada, apirilaren 16an, ordurako munduari buelta emateko bezainbeste kilometro eginak izango dituzte senideek nahiz lagunek.
Hau da, 272.865 kilometro eginak izango dituzte eta 72.644 euroko gastu ekonomikoari aurre egina izango diote. Beste modu batera esanda, hilean 4.273 euro gastatzen dituzte 16.050 kilometro egiteko.
Adur Martinez de Alda Aranjuezeko presondegian dago. Jokin Unamuno Estremenakoan eta Oihan Arnanz, aldiz, Navalcarneron. Hiruak Madrilgo Erkidegoan daude eta hirurei terrorismo delituak egozten dizkiete. 375 urteko kartzela zigorra eskatzen ditu Fiskalak auzipetuta dauden zazpi gazteentzat.