EH Bildu eta Aranzadiren artean liskarra sortu duen Pio XII etorbidearen plana onartu du Iruñeko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2017ko mai. 24a, 17:51

Iruñeko Udalak Pio XII etorbidearen berritzea onartu du. Milioi eta erdi euroko aurrekontua du planak eta  sei hilabetetan has daitezke lanak.

XABIER LETONA @xletona

 [Argian irakurri]

 

Pio XII Iruñeak duen etorbide handietako bat da, ospitaleetara eta Nafarroako Unibertsitatera jende gehiena bideratzen duena. Udalak onartu berri duenaren arabera, horrela banatuko da etorbidea, norabide batean zein bestean: oinezkoentzako espaloia, bizikleta bidea, zerbitzu bidea (zama lanak, edukiontziak…), eta bi bide garraioarentzat; horietako batean garraio publikoak lehentasuna izango du.

Gaur eguneko etorbidearekiko aldaketa nagusiak honakoak dira: egun den aparkaleku erreila kentzen da eta, bizikleta eta zerbitzu bideak jarri. Dena egin nahi da nahiko modu malguan, aldaketak edo hobekuntzak eginez gero oso garestiak izan ez daitezen.

EH Bildu eta Geroa Bairen botoekin onartu da plana, eta Mugikortasun batzorde teknikoaren onespena ere badu. Aranzadik ez dio baiezkorik eman gobernu batzordean, baina planak hobekuntzak dituela onartu du eta berau hobetzeko lan egingo duela adierazi.

Aranzadiren ustez, onartutako planaren akatsik handiena da zerbitzu publikoarentzat bakarrik izango den erreil edo biderik ez izatea, bere ustez horrela bakarrik murriztu daitezke autobus denborak. Horrela, halaber, auto kopuruaren trafikoa %20 gutxituko litzateke. Aranzadik ez du ulertzen EH Bilduk Donostian autobusentzat erreil bakarra proposatzea eta Iruñean gauza bera ez onartzea.

Orain planaren parte hartze prozesua hasten da, etorbide inguruko auzokide, merkatari eta gainerako eragileen iritziak jasotzeko. Udalaren planetan, irailaren amaierako proiektua idatzia egon liteke behin-betiko, azaroaren amaieran lanak hasi eta 2018rako bukatua legoke.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!