Karmele Solaguren, hutsune amaigabeak oroimena bete dezan

Erabiltzailearen aurpegia
Argazkia: Karmele Solagureni ostegunean Barañainen egindako omenaldia.

Karmele Gogoan herri ekimena: “Aitortza eta heriotzaren zergatiak barneratzea nahi dugu, zauriak sendatzen dituen eta etorkizuneko gaitzak saihesteko ariketa moduan”.

Karmele Solaguren Goikoetxearen omenez egindako ekitaldia egin zuten Barañaingo Auditorioan. Memoriatik aitortzara salto egiteko momentua dela azpimarratu dute Karmele Gogoan herri ekimenetik: “Aitortza eta heriotzaren zergatiak barneratzea nahi dugu, zauriak sendatzen dituen eta etorkizuneko gaitzak saihesteko ariketa moduan”.

600 pertsona baino gehiagok Karmele Gogoan herri ekimenak prestatutako  omenaldi hunkigarria ikusteko aukera izan zuten. Musika, dantza, antzerkia eta ikus-entzunezkoak oinarri, herritar ezberdinek Karmele Solagureni omenaldia egin nahi izan zioten ekitaldian.

1981ean Barañain herri independente moduan jaio zenetik, 2003an Karmele Solagurenen semea, Ekain Guerra Solaguren preso hartu zuten arteko errepaso historiko batekin eman zioten hasiera ekitaldiari. Ekitaldian zehar, dispertsioaz mintzatzen diren momentuak antzeztu zituzten Imanol Sucino, Oier Zuñiga eta Javier Esteban aktoreek. Horretaz gain, Barañaingo musika taldeetako kideek Solagurenen omenez egindako abestia entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek, besteak beste.

Monolitoa jarriko zaio

Garbiñe Ura eta Iñaki Urdiain herriko preso politiko ohiek kartzela barruko esperientziak partekatu zituzten. Era berean, Rosa Martin eta Maria Angeles Etayo, Barañaingo bi preso politiko ohien gurasoek, urtetan zehar dispertsioak eragindako bidaien inguruko haien esperientzia kontatu zuten.

Hiru ahotsetara abestutako aurresku batekin dispertsioak hildako 16 biktimei omenaldia egin zieten. Ekitaldiaren amaieran, Karmele Gogoan ekimeneko kideek Solagurenen omenezko monolito bat herrian jartzea helburu duen ekimen baten berri eman zuten: “Guztioi dagokigu monolitoa zutik jartzea. Egiarengatik, gertatu zenaren aitortzarengatik eta justiziagatik. Gaurtik aurrera Karmeleri monolito bat, hutsune amaigabeak oroimena bete dezan”.

Karmele Solaguren Goikoetxea, bilbotarra jaiotzez, Barañaingo herri mugimenduan sutsuki ibilitako emakumea zen. 1988-1991 bitarte Barañaingo Udalean Herri Batasunako zinegotzi izandakoa, Egin egunkarirako korrespontsal moduan lan egin zuen. 2003an Ekain Guerra bere semea atxilotu eta Alcalá Mecoko espetxean gartzelaratu zuten. 2004ko abenduaren 6an, beren semea ikustera zihoazela, Karmele Solagurenek eta Jose Luis Guerrak kotxe istripu bat izan zuten. Jose Luis Guerra zauritu eta Karmele Solaguren hil zuen dispertsioak eragindako istripu horrek.