Guk taldearen errepertorioa berreskuratuko dute Baigorriko Nafarroaren Egunaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Argia 2015ko api. 23a, 19:47

Nafarroaren Egunak bi abizen dauka: Baigorri eta Basaizea. Herriak eta Kultur Batasunak Nafarroa osoko euskaltzaleak elkarrarazten dituzte Baxenabarren. Usaiari atxikiak, apirilaren azken igandean.

[Albistea Argian]

Nafarroaren Eguna eta Basaizea ulertzeko, 1970 hamarkadan Baigorrin bizi zen giroa ezagutu behar da. 1977an Baigorriko kantonamenduan gazte andana batek tokiko arazoei buruzko gogoeta sakona egin zuen.

Gogoetak 250 herritarren sinadurak bildu zituen. Agiriak arlo hauen egoera larria nabarmendu zuen: laborantzaren eta lurraren problematika. Lana herrian eskas izatea. Euskara eta euskal kulturaren ahultzea. Arazo sozialen larritzea. Orduan hasi zen ernetzen 1980 aldean errotuko zen arbola: Basaizea Kultur Batasuna sortu zen.

Festa hutsa baino gehiago

Harrez gero, Nafarroaren Eguna, egun soila baino gehiago da. Aitzinetik Baigorri Kulturaldiak hainbat ekitaldi eskaintzen baititu Baigorriko eskualdean. Aurten bi zita nabarmendu dira: batetik, iragan igandean, Ruper Ordorikak kantaldi akustikoa eskaini zuen Ortzaitzen. Bestetik, apirilaren 25ean, larunbatean, Baigorriko Elizan, 21:00etan, Guk ta Guk-tarrak emanaldia izanen da.

Guk taldeari gorazarre

Larunbatekoa emanaldi bakarra da, Kulturadirako berariaz prestatua. Guk taldearen kantu zaharrak, molde berri batean biltzen dituen ikusgarri anitza da Guk ta Guk-tarrak. Basaizeak eta hainbat artistak, 2015eko edizio honetarako espresuki sortu dute.

Goi mailako musikari klasikoz osatutako Xare/Hertz orkestrak lagunduta, Guken kantu klasiko batzuk emanen dituzte Aire Ahizpak, Astezkenekoak eta Xendarineko ahizpak Baigorrialdeko kantari taldeek.

Beste kantu zonbait, berriz, orkestrak bakarrik interpretatuko ditu. Baigorriko gaiteroen ekarpena ere ez da faltako, eta hori guztia, Sustrai Colina eta Fredi Paia Iparraldeko eta Bizkaiko bertsolari txapeldunek bertsoz ondutako hari argudiatu batekin josia.

Hona emanen dituzten kantuen zerrenda:

Arrantzale / Papo gorri / Uda / Argi bila / Ekieder / Arbola gainean / Euskotarrak gira / Zain herria zain / Laborarien auzia / Emakume.

Informazio gehiago:

Nafarroaren Egunean parte hartu nahi izanez gero, hona parada.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!