Goizeko 10:00tan zutabe bana aterako da Atarrabiako udaletxetik, Burlatako asketatik, eta 10:30ean Txantreako Kaskallueta elkartetik eta Antsoaingo Lapurbidetik.
Zutabe guztiak 12:30ean elkartuko dira Ezkabako gotorlekuaren sarreran. Bertan memoria historikoa eta Nafarroako errealitate latza lotuko duen ekitaldi bat eginen dute.
“Gotorlekua jazarpen politikoaren monumentu bat da, eta, ibilaldi honen bitartez, Nafarroako hainbeste jende jotzen duen gaitz hau salatu nahi dugu. Gaur egun, populazioaren parte bat errepresioaren, kartzelaren eta askatasun faltaren mehatxupean bizi da, eta amaiera jarri behar zaio egoera horri”, salatu dute Iruñerriko Herri Harresiko kideek.
Horregatik, igandean motxila “ilusioz” betetzeko eta “eskubide zibilak eta pertsona guztien askatasun politikoak errespetatzen dituen Nafarroaren alde” egiteko gonbita zabaldu dute ibilaldi laranja aurkezteko prentsaurrekoan.
Era berean, azken asteetan jasaten ari diren jazarpena salatu dute: “Urte hasieran presoen abokatuak eta Herrirako kideak atxilotu zituzten, eta haietako hiru kartzelara bidali zituzten. Gaur egun, Fran Balda zerrendari gehitu ondoren, bederatzi dira lan politikoagatik espetxean dauden nafarrak”. Kartel batzuk jartzeagatik Audientzia Nazionalera joan behar izan zuten Donibaneko hiru gazteak ere gogora ekarri dituzte, besteak beste: “Une honetan 44 nafar daude inputaturik, epaiketaren zain, egindako lan politikoagatik”.