Kexu dira Nafarroako Legebiltzarrean CAN ikertzen ari diren talde parlamentari gehienak. Ehunka agiri eskatu dituzte, baina material asko ez da iristen, eta informazioa heldu artean ez dute pertsonen agerraldiekin hasi nahi. La Caixak, Espainiako Bankuak eta CAN Fundazioak txostenak emateko epea datorren otsailaren 17ra arte luzatzea eskatu dute eta batzordeak eskaera onartu die. Bilduk eta Aralar-NaBaik, halaber, Nafarroako Kontuen Ganberak CANeko datu ekonomikoak ikuskatzea eskatu dute. Intxusta, Gil eta Zamorak badakite zerbait ikerketarako materiala biltzeaz, haiek 100.000 bat orri miatu zituzten El banquete idazteko.
Zer espero daiteke Nafarroako Legebiltzarreko CAN ikerketa batzordetik?
ALBERTO GIL. Denbora faltagatik, UPN-PSNren ezkutuko ituna edo dena delakoagatik, ikerketa faltsuki ixtea litzateke larriena. Batzordeak ez du erabaki behar deliturik egon zen hala ez, hori auzitegiek ebatziko dute. Batzordeak argitu behar du CANen desagerpenean hainbat arduradun politikok izan zuten erantzukizuna. 1.200 milioi euro lurrundu dira, baina hori baino larriago da oraindik Nafarroa bere finantza tresna garrantzitsuena gabe utzi dutela. Hasiera batetik kontraesana itzela izan da: ikerketarik nahi ez zuen batzordearen esku dago lehendakaritza [Sergio Sayas, UPN].
PSNk eman zion lehendakaritza eta PSN ere ondo bustita dago CANen desagerpenean.
PATXI ZAMORA. Erabat, izan ere, CANeko azken lehendakaria Trantsiziotik gaurdaino PSNra ondo lotua egon den Jose Antonio Asiain da. PSNk mugimendu bitxiak egin ditu, urteetan batzordea ukatu ondoren orain batzordea ahalbidetu duelako. Beldur gara ez ote duen hauteskundeetarako domina jarri nahi. PSNk erantzukizun larriak ditu CANen eta Banca Civican, hemen PSOEren bidez. Ez dakigu batzordetik zer aterako den, dakiguna da UPN gogotik ari dela lanean batzordearen ondorioa honakoa izan dadin: hau mundu mailako krisiaren ondorioa izan da eta listo.
A.G. Batzuetan aipatu izan da: zuek uste duzue Nafarroako Kontuen Ganbera sartu beharko litzatekeela CAN ikertzera.
P.Z. Nafarroako Legebiltzarrean bada horren alde egiten duen txosten juridikoa. 80ko hamarkadan nahi beste eztabaidatzen zen Legebiltzarrean Nafarroako aurrezki kutxez, inork ez zuen hori zalantzan jartzen. Egoera horretatik omertá-ra pasatu gara, CAN pribatua da eta ez dago ezer eztabaidatzerik.
Zuek inork baino hobeto dakizue hori, ez dago denborarik ikerketa txukunik burutzeko.
A.G. Guk 100.000 bat orri miatu ditugu sumario, txosten eta bestelakoen artean eta bi urtetik gora egon gara liburuan agertzen diren tesietara iristeko. Bi hilabetetan erabat ezinezkoa da ikerketa egitea. Horregatik, batzordeak hurrengo legealdian ikerketarekin jarraitu beharko luke, hori da ikerketak jarraitu dezan era bakarra.
P. Z. Eskatutako material kopuru itzela bildu ere ezin da egin denbora horretan.
(Elkarrizketa osoa datorren asteko ARGIAn izango da, 2.450. zenbakian).