Ez dakit zenbat bizi diren pisu horretan. Ez dakit 8, 9 edo 10 diren. Hego Amerikatik Iruñera bizitza bila etorritakoak denak.
Duela hiru hilabete inguru, boliviar jatorriko iruindarra sortu zen gure auzokideen pisuan. Sehaskarendako leku gutxi gelditzen zitzaien bizitokiarena egiten duen gelan, eta tarteka goiko pisutik erortzen diren itoginen lekuan jarri behar izan zuten sortuberriaren ohea.
8 hilabete zeramatzaten jadanik itogin horiekin. Hilero pisuko alokairuaren ordainketaren bila pertsonalki datorren jabeak bazekien zein zen egoera. Baina, zer eska diezaiokezu berogailurik ere jarri ez duen pisuko jabeari? Sukaldeko sua apurtu eta berria jartzen ez duen horri?
2018. urtean gauza hauek gertatzen dira Iruñean, gure sudur puntan. Egunero. Gure moralaren, etikaren itoginak dira. Jasangaitzak.