Goizeko bost t'erdietan eskolako atarian geunden. Bertze 40 bat lagun ere bai. Sei t'erdietan lehenengo azalpenak eman zizkiguten: Mossoak etortzerakoan atea defendatuko genuen erresistentzia pasiboari eutsiz, elkarri lotuz harresia osatuz.
Urna ekarriko zutenean pasabidea irekiko genion ziztu bizian sar zedin.
Mossoak zazpiak aldera, oraindik eguna argitzeke zela, etorri ziren eta lauzpabost galdera egin ondotik alde egin zuten jendearen txaloen artean.
Zortziak jotzeke zirela auto bat gelditu zen 25 metrora. Maleterotik zabor poltsa beltz bat atera zuen emakumezko gazte batek. Zerbait zeraman barruan. Hautetsontzia zen. Pasabidea ireki genion. Isiltasuna nagusitu zen. Gure begien aitzinean pasatzen ari zen zabor poltsa beltz horrek gordetzen zuenarekiko errespetuak airea trinkotu zuen.
Ikusi ere egin ez genuen plastiko kutxa huts bat bertzerik ez zen zabor poltsa barruan zihoana. Txinan fabrikatutako hautetsontzi klandestinoa. Baina danok genekien etorkizuna eta askatasuna sartzen ari zela ziztu bizian eskolan.
Malko kontrabandistak isuri zituzten... genituen. Pozarren.