Negozio handia da etorkizuna aurreratzea. Diru asko mugitzen da etor daitekenaren aurreikuspenen inguruan. Pentsa dezagun, halaber, zeinen garrantzia hartzen duten hauteskunde inkestek nahiz eta boza emateko data urrun egon, edo agian, horregatik hain zuzen. Pronostikoak baino, alta, etorkizuna baldintzatzeko ahaleginak izaten dira. Ez deskribapenak, asmoak baizik.
Dena dela, zaila da asmatzea eta arrazoia sinplea da: etorriko dena ez dago idatzita. Geroa irekita dago. Ez erabat irekita, ezin baita edozer gertatu. Baina irekita gertaera ezberdinak ematen ahal direlako beti eta, batez ere, eragiteko aukera dagoelako. Pertsonok, batez ere elkartu eta gure indarrak ongi antolatuz eta baliatuz gero, etorkizuna eraikitzen ahal dugu. Euskarazko irrati bat abiatzen, adibidez, edota, urte batzuk pasata, urrats bat eman eta egitasmoa lekuz aldatzen. Esaterako.
Gauza handiak egiten ahal ditugu, elkartuz gero, antolatuz gero, indarrak bilduz gero. Badakigu laino beltzak zabaltzen direla bizi garen munduan. Laino autoritario eta atzerakoiak. Baina lainotze orokorra ez da agertoki bakarra. Beste bide bat harzten ahal dugu, elkarrekin, batera arituz gero. Zorionak Euskalerria Irratia!